Erdi Aroa (XI-XVI. mendeak)

Lehenengo solairuan, Erdi Aroan Ziortza-Bolibarko paisaia eta itxura nolakoak ziren ikusi ahalko du bisitariak, bi gelatan banatuta.

Lehenengoan, Goi Erdi Aroan Ziortza-Bolibar nolakoa zen erakusten duen maketa, hilerriaren erreplika bat eta zenbait informazio-panel daude.

Bigarren gela Behe Erdi Aroari eskainita dago. Bertan aurki ditzakezu: burdinolaren maketa, tenaza eta ingudeak (jatorrizkoak), hiri-etxe bateko maketa, eta XVI. mendeko berregindako ontziteria baten piezak.

Paneletan informazio ugari aurki daiteke: Zenarruzako elizak Bolibarkoaren aldean zeukan garrantzia, ordu hartan Bolibarren zeuden errotak, Markinako hiri-gutuna eta maiorazkoari buruzko legea.

Goi Erdi Aroa

Goi Erdi Aroan Ziortza-Bolibarko bizimodua, Bizkaian bezala, nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituta zegoen.

Erdi aroan ingurune horretan aurki genezakeen paisaiari dagokionez, laborantza herri txikien inguruan zeuden basotza mardulak aipatu behar dira.
Herri txiki horietan eliza eta hilerria izan ohi ziren elementu nagusiak. Toki garaietan kokatu ohi ziren, eta material xumez eginiko etxe txiki ugariz osatuta zeuden; eraikuntza erlijiosuetan, hala ere, harria zen gehien erabiltzen zen materiala.

Behe Erdi Aroa

Behe Erdi Aroan paisaiak deforestazio sakona bizi izan zuen, abeltzaintza areagotu eta, ondorioz, egurra ordura arte baino askoz gehiago erabiltzeari ekin zitzaiolako. Etxeak egiteko erabiltzen zen egurra baina, batez ere, egur-ikatza lortzeko, hori baitzen burdinolak martxan mantentzeko beharrezko erregaia.

Sasoi hartako paisaian instalazio hidraulikoak ziren nagusi (errota eta burdinolak); etxebizitzak ibai ertzetan eraikitzen ziren; eta ordukoak dira lehenengo hiriak ere, esaterako, Markina, Lekeitio, Ondarroa eta Bilbo, besteak beste.

Ziortzako Andra Mariaren kolegiata (gaur egun monasterio dena), Bizkaia osoan lehen mailako zentro espiritual bilakatu zen Erdi Aroan. Bertako eliza X. mendekoa da.

Kondairak dioenez, 968. urtean, Jasokunde egunean, arrano batek Gerrikaitzeko Santa Luzia elizako hilobietatik burezur bat jaso zuen, bertakoak elizan zeuden bitartean. Eliztarren harridurarako, zuhaixka batean utzi zuen burezurra, Ziortzako eraikin erlijiotsuaren kokalekua adieraziz. Kondaira hori behin betiko geratu da islatuta Ziortzako armarrian eta zigilu ofizialean.

XVI. mendean, Bizkaitar mutil gazte asko, maiorazkoaren legeak hala bultzatuta, Ameriketara joan ziren. Emigratu zutenen artean zegoen Simón Bolívar “Zaharra”, Simón Bolívar “Askatzailea”-ren bosgarren aitona.